Kanpoko eta barruko harresiak apurtu!
Munduan 60 milioi errefuxiatu dagoela kalkulatu dute. Europara iristen direnen berri badugu, baina ez dakigu Afrikan zer gertatzen den, gerra eta gosetea nagusi den hainbat eskualdetan.
Mundu lotsagarri batean bizi gara, non 62 pertsonaren aberastasuna 3.600 milioirena adina den; horren ondorio dira desberdintasuna, miseria gorria eta migrazioak. Tragediaren tamainaz konturatzeko kontutan izan behar dira ere herrialdetako gerrak; Sirian, esaterako, bost urtean 260.000 pertsonak galdu dute bizia, eta 22 milioi biztanleen erdiak bere etxetik alde egin behar izan du. Beraz, honez gero ez dauka zentzurik errefuxiatu politikoak eta arrazoi ekonomikoek bultza dituzten iheslariak bereizteak.
Haatik, Europar Batasuneko gobernuak krisi honetan itxura negargarria ematen ari dira; honek frogatzen du ekonomiaren hegemoniak alboratu egin dituela Europaren printzipio etiko eta politikoak. Europar Batasunaren funtsa agerian geratu da: enpresa eta finantzetako eliteen mesedetan garatutako proiektu antidemokratiko eta antisoziala da. Bere status quo-a babesteko gotorleku bat eraiki nahi dute, baina begibistakoa da indar polizialek eta hesiek ezin izango dutela geldiarazi desesperazioak eragindako migrazio olde hau.
Agintari europarrek ezin dute saihestu desplazatuen egoeran duten erantzukizuna: eurek hartutako erabakiek ere zerikusia dute errefuxiatuen jatorriko estatuetan dauden gerrak eta desegituratzearekin; eurena da europar immigrazio-politikaren ardura, honen oinarria kanpo-mugen kontrol militar eta poliziala delarik; herritar gehienak pobretu dituzten austeritate politikak erabaki dituzte, eta horrela lehertu egin dute europar eredu soziala zena. Honek xenofobia eta eskuin muturreko joerak hedatzea ekarri du, klase xeheentzako etorkizunak zalantzaz betea eta alternatibarik gabea baitirudi.
Ez egiteagatik, europar estatuek ez dituzte errefuxiatuak hartzeko kuota barregarriak ere bete: modu ofizialean 272 pertsona hartu dira, espainiar estatuan 18.
Lotsarazten gaituen azken kasua Europar Batasunak Turkiarekin iritsitako akordioa da. Tratuak urratu egiten ditu giza-eskubideak eta nazioarteko legeak; Europan zegoen asilo-eskubide apurra ere birrinduta utzi du. Europak ezikusiarena egiten du, eta gobernu turkiarrak herri kurduak bonbardatu arren, prest dago 6.000 milioi euro ordaintzeko.
Baina Europan sartzea lortzen badute ere, migranteen drama ez da amaitzen. Barnean daudenean gainditzeko oso zailak diren mugak topatzen dituzte: lan eta bizimodu prekarioa, pobrezia, bazterketa soziala, errefuxiatu-eremuetan bizi beharra…
Egoera beldurgarria da; horregatik, martxoaren 21 honek, arrazismoa eta xenofobia salatzeko egunak, esanahi berezia du: behar-beharrezkoa da pertsona guztientzako eskubide guztien alde agertzea.
Gizatasuna, duintasuna eta eskubideen unibertsaltasuna aldarrikatu nahi ditugu, eta Europar Batasuneko gobernuei honakoa exijitzen diegu:
1.- Asilo eskubidea arautzen duen nazioarteko zuzenbidea betearaziko dela bermatu behar dute: gatazka larrietatik eta jazarpenetik alde egin nahi duten pertsonei bide legal eta seguruak eskaini behar zaizkie.
2.- Immigrazio politika berri bat egin behar dute, oinarritzat pertsonen beharrizanak hartuta.
3.- Errefuxiatuen jatorriko estatuetan gerrak amaitzeko konponbide politikoa saiatu beharra dago; kanpotik egindako interbentzioak ezin dira onartu.
4.- Austeritateak eta ajuste estrukturalak jendartean pobrezia eta desberdintasuna areagotzen dute; politika hauek bertan behera utzi behar dira, eta ziurtatu errefuxiatu eta migrante guztiek aukera izango dutela zerbitzu eta baliabide publikoak erabiltzeko, edozein dela ere euren jatorria eta Europan sartzeko modua. Puntu hau bete dezaten dei egiten diegu Hego Euskal Herriko erakundeei ere.
Azkenik, sindikatu garen aldetik gogoratu beharra dago lan handia egin behar dugula migranteen eskubide berdintasuna bermatzeko eta aurreiritzi arrazista eta xenofoboen faltsukeria agerian uzteko. Jakitun gara langile klasean bertan eta kolektiborik ahulenetan ere arrazismoa eta xenofobia zabaltzeko saikerak egiten ari direla, zatiketa eragite aldera.
Estatuen utzikeria ikusita, herritarrek kasu askotan aurrea hartu dute. Egoera latz honen aurrean aipatzekoa den elementu positiboa iruditzen zaitu. Bide honetan, ELA prest dago salaketa, mobilizazio eta solidaritate dinamika honetan parte hartze aktiboa izateko.
Eskubide guztiak guztiontzat!
Kanpoko eta barneko harresiak apurtu!
Arrazismo eta xenofobiari stop!