“Gure autonomia sindikala defendatzen dugu politikan ere eragin ahal izateko”

2017/05/01
Milaka lagunek –12.000tik gora– bat egin dute Maiatzaren Lehena dela-eta ELAk Bilbon eta Iruñean antolatu dituen ekitaldiekin. Lagun guzti horiek, oinak lurrean, Euskal Herri justu eta solidarioago bat lortzeko bidean gauzak aldatzeko dugun eskubidea aldarrikatu dute.

Bilbon antolatutako ekitaldian Bizkaiko Erresidentzietako langileak izan dira protagonista nagusiak, euren lan-baldintzen eta kalitatezko zerbitzu publiko batzuen alde urtebete baino gehiago borroka eredugarri bat eramaten ari den langileak.

Eguerdian egin den ekitaldian Soraya Garciak, ELAk Bizkaiko Erresidentzietan duen ordezkariak, Esther Saavedrak, Bizkaiko zerbitzu publikoetako arduradunak, eta Adolfo Muñozek, Txiki, idazkari nagusiak, hartu dute parte.

Esther Saavedrak bere parte hartzea 1886ko maiatzaren leheneko eta egun Bizkaiko Erresidentzietako langileek egiten ari diren greba lotuz hasi du. “Greba hura, Maiatzaren Lehenaren jatorria, egunean 8 ordutako lanaldia lortzeko egindako greba eredugarria izan zen. Orain Bizkaian milaka emakumek beste borroka eredugarri bat egiten ari diren euren lan eta bizi baldintzen alde. Bi adibideek argi erakusten digute borrokatzeak merezi duela”.

Zerbitzu publikoetako arduradun honek lan-gatazka honen bi gakoak azaldu ditu. “Lehenik eta behin, salatu beharra dago gatazka hau ez baldin bada konpontzen honako arrazoiarengatik dela: sektore honetako langileen erabateko gehiengoa emakumeak direlako. Gainera, gatazka honek agerian uzten du agintari instituzional hauek zerbitzu publikoen pribatizazioen alde duten jarrera argia. Horregatik, ezinbestekoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera salatzea, bera baita gatazka honen arduradun nagusia”.

Soraya Garciak, sektoreko langilea eta ELAren ordezkaria, gogorarazi du Bizkaiko Erresidentzietan 14 hilabete baino gehiago daramatela gatazkan, eta denbora honetan 150 greba egun baina gehiago egin dituztela. “Greba honen helburua behin-betirako daukagun langile falta izugarriarekin amaitzea da, erabateko erabilgarritasuna duzun lanaldi eta esplotazio ordutegiekin, behin-behineko kontratuekin. 1.000 eurotara heltzen ez diren soldatekin amaitu nahi dugu. Hori da Bizkaiko Erresidentzietako 5.000 langile baina gehiagoren errealitatea, pobrezia pertsonak zaintzearen truke. Hori da greba honekin aldatu nahi duguna”.

Soraya Garciak salatu du menpeko, isilduak eta galtzaileak nahi dituztela, baina ez dutela lortuko. “Bizkaiko Foru Aldundiari eta Unai Rementeria jaunari izorratu arren, ozen eta garbi esango dugu: ez dago menpekotasunik. Gero eta gehiago gara isiltasuna hautsi dugunak, gero eta gehiago gara kalean gaudenak. Bukaeraraino joango gara, behingoz gure lan-baldintzak eta erresidentzietako erabiltzaileen bizi-baldintzak duindu arte. Lortu arte ez dugu etsiko”.

Azkenik, ELAko idazkari nagusiak hartu du parte. Adolfo Muñozek sindikatu bezala dugun autonomia eta gauzak aldatzeko dugun eskubidea defendatu ditu. “Esaten dutenez, gizartean dugun eginkizuna ez dagokigu. Areago, ausartzen dira esatera eurek (gobernuek) erabaki behar dutela sindikatuak zer egin dezakeen, zer esan dezakeen. Baina guk esan diegu ezetz; sindikatuak bakarrik erabakiko du zer egingo duen, ez beste inork, zuzenean edo zeharka. ELAk berak erabakitzen ditu, autonomia osoz, bere pentsamoldea eta lan, gizarte edo politika arloko proposamenak. Hala egin du, eta hala jarraituko du ere”.

Muñozek azpimarratu du ELAk duen guztia emango duela euskal langileak antolatzen saiatzeko. “ELAn badakigu neoliberalismoak mugimendu sindikala ahultzea lortu duen herrialdeetan desberdintasun sozialak areagotu egin direla, eta lan baldintzak okertu”.

“Gure erronka –gaineratu du– da saihestea gobernuen eta botere ekonomikoaren arteko aliantzak klase-identitate kolektiboei egin diezaiekeen kaltea. Erronka horri eutsi egingo diogu. Ez dugu etsiko: sinesten dugunaren alde politikan eragina izateko eskubidea eta betebeharra defendituko dugu”.

Jesusen Bihotzean egin den ekitaldiaren ostean bertan bildutako milaka lagunek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitu den manifestazio koloretsua egin dute; bertan Bizkaiko Erresidentzietako langileei omenaldia bat eskaini zaie.

UNE HISTORIKOA NAFARROAN

Iragan urtean bezala ELAk Maiatzaren Lehena Iruñean ere ospatu du. Mila lagunetik gora hartu dute parte eguerdian Nafarroako hiriburuko kale nagusiak zeharkatu dituen manifestazioan. Manifestazioaren ostean egindako hitzaldian, Mitxel Lakuntzak, ELAk Nafarroan duen arduraduna, Nafarroan bizi eta lan baldintza duin bazuen alde antolatzen eta borrokatzen ari diren lagun guzti horiek aipatu nahi izan ditu. “Langile asko antolatzen ari dira, bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko. Hauek ere, Nafarroan benetako aldaketa politikoa eta soziala gauzatzearen alde ari dira”.

Maiatzaren Lehen hau berezia izan da Nafarroan gure sindikatuarentzat. Lakuntzak azpimarratu nahi izan duen bezala ELA inoizko ordezkaritza maila altuena du egun Nafarroan. “Maiatzaren Lehenean lagun asko kalera atera gara. Horietako asko izan dira ere posible egin dutena aurtengo Maiatzaren Lehenean ELAk Nafarroako langile klasearen artean sekula izan ez duen ordezkaritzarik handiena lortzea (23,09%). Etengabeko aurrerapauso honek berresten du ELAren apustua, autonomia, gertutasuna eta eredu aldarrikatzailea, oinarritik langileak lantokiz lantoki antolatzea helburu duena”.

ALDARRIKAPENA... ETA FESTA

Maiatzaren Lehena borroka eta aldarrikapen eguna da, baina baita festa eguna. Horregatik, Bilbon eta Iruñean antolatu diren ekitaldien ostean adiskidetasun bazkariak egin dira Areatzan eta Labrit pilotalekuan, hurrenez hurren. Eta, bazkalostearen ondoren, festak jarraituko du. Gora langileon borroka!

Hitzaldi osoa irakurri

 

Hemen argazki galeria