ELAren proposamen politikoa

Euskal Herrirako gutxieneko soldata eta kapitalari ordainarazten dion zerga-politika, zerbitzu publikoak indartzeko

2024/10/24
ELAk Bilboko La Casillan ekitaldi handi batean 4.000 militante bildu ditu; aberastasunaren banaketa justuagoa lortzeko mobilizazio kanpaina bati ekin dio horrela. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak laburbildu duen moduan, “proposamen politiko bat egitera gatoz, aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin; lehenik, gutxieneko soldatari buruzko eskumena lortu eta Euskal Herrian gutxieneko soldata ezar dadila eragin (2024an 1.795 euro lirateke). Bigarrenik, zerga-erreforma bat aurrera eraman iruzurra amaitzeko, gehien dutenei gehiago ordainarazteko eta diru-bilketa handitzeko, zerbitzu publikoak indartzearren”.

MITXEL LAKUNTZAREN ADIERAZPENA

Hain zuzen, Mitxel Lakuntzak iragarri duenez, “politika egitera gatoz, Iberdrolak, Petronorrek edo Confebaskek egiten duten bezalaxe. Baina hain zuzen kontrako aldera. Politikan sinesten dugulako, batez ere gaur egiten ez den politika horretan. Politika bizi-baldintzak hobetzeko tresna dela sinesten dugu; arazoa da -salatu zuen Lakuntzak- gaur politikaren lehentasuna beste bat dela: botere ekonomikoari eta enpresei trabarik ez jartzea”.

Aitzitik, sindikatuko idazkari nagusiak esan zuenez, “aberastasuna banatzeko borroka ez da pazifikoa, pribilegioak dauzkaten horiek ez diotelako egoera horri uko egin nahi”. Horregatik, nabarmendu zuenez, “proposamen honek gure herriko alderdi politikoak zuzenean interpelatzen ditu; hemen ezin da ekidistantzia bilatu: soldatak hobetzeko eta aberastasunaren banaketa justuagoa lortzeko ahaleginik gabe ezberdintasuna gero eta handiagoa izango da gurean”.

Josu Jon Imaz eta Lehendakaria

Repsolen adibidea aipatu zuen Lakuntzak: Josu Jon Imaz kontseilari-ordezkariak dioenez, bere enpresak irabazi dituen 3.000 milioiko etekinen %10 ordaindu beharko balu zergatan milaka lanpostu eta inbertsioak arriskuan egongo lirateke; aldi berean, Imazen asmoa da aurten akziodunen artean 10.000 milioi euro banatzea. Ez ote da hau kohesio eta berdintasun sozialerako mehatxu bat?”. “Lehendakari -erantsi zuen-: ez ezazu loa galdu enpresa handien desioekin, eta kezka zaitez gutxienez etekinen % 25 ordain dezaten”.

Halaber, ELAko idazkari nagusia oso kritiko agertu zen Gipuzkoako ponentzia fiskalarekin (EAJ, EH Bildu, PSE): “ontzat ematen dute orain arte arlo fiskalean egindakoa eta, bestalde, ez dute konpromisorik lotzen diru-bilketa eta horrekin batera zerbitzu publikoak hobetzeko: ELAk ez du ulertzen ezkerreko alderdiek errealitatea ederretsi nahi izana, uko egin diotelako egungo sistema fiskal injusto hau aldatzeari”.

Ekitaldian Ekintza Sozialeko arduraduna den Leire Gallegok ere hitz egin zuen; honek larrialdi sozialeko egoera deskribatu zuen: “Errenten prezioa % 28 handitu da 2014tik hona. Bitartean, 70.000 etxebizitza daude hutsik (25.000 bat Nafarroan eta 50.000 EAEn). Ziur gaude honen inguruko mobilizazio handiak Euskal Herrira ere iritsiko direla, eta ELAk bere aldarriak plazaratuko ditu: etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzea, etxegabetzeak geldiaraztea, hutsik dauden milaka bizilekuak mobilizatzea, parke publikoa handitzea eta EAE zein Nafarroa osoa tentsio-gune deklaratzea”.

Leire Gallegok galdera bota zuen: “Nork jartzen du arriskuan kohesioa eta ongizate soziala, bizimodu hobea lortzeko lepoa jokatzen duten migratzaileek ala enpresa handiek? Faxismoari aurre egiteko etxebizitza politika egokiak, zerbitzu sozial hobeak eta kalitatezko zerbitzu publikoak behar dira”. Hitza hartu zuen ere zahar-etxeetan lan egiten duen ELAko ordezkari batek, Karla Vidalek: “2023an greba feminista orokorra egin genuen zaintza sistema publiko, unibertsal, doako, kalitatezko eta erantzukidearen alde, baina agintariek oraindik ere zaintzak baliatzen dituzte negozioa egiteko eta pribatizatzeko, enpresen interesak lehenetsiz”.

Aitor Murgia Azterketa Bulegoaren arduradunak, berriz, gogoratu zuen “zerga-sistema taxutu dute enpresek zerga gutxi ordain dezaten, edo bat ere ez. Kenketei eta ingeniaritza fiskalari esker EAEko enpresek batez beste etekinen % 9 baino ez dute ordaintzen, % 25 izan beharko lukeenean. Beste behin ere azpimarratu beharra dago sozietateen zerga soilik etekinei ezartzen zaiela, ez dela salmenten baitakoa. Hots, ez da hainbesterako, eta inola ere ez du eragiten enpresak bideragarri izan daitezen ala ez”.

Horrenbestez, Murgiak ohartarazi zuen “zerga-erreforma bat dator, eta erakundeak eta alderdiak joko-zelaia prestatzen ari dira patronalaren mesederako izan dadin”. Alabaina, gogoratu zuen, “ez dago justizia sozialik zerga-sistema justu eta progresiborik ez badago”.

Ane Zelaia Sindikalizazio arduradunak ELAk Hego Euskal Herrirako egin duen gutxieneko soldataren (LGS) proposamena azaldu zuen: kalkulu berria egin beharko litzateke (EAEko eta Nafarroako BPGaren % 65), aberastasuna lan- eta kapital-errenten artean behar bezala bana dadin, eta ez dadin izan -orain arteko moduan- soldaten arteko adierazle konparatibo hutsa. “Kalkulu berri horren arabera LGS 2024an hilean 1.795 eurokoa litzateke”; zenbatekoa urtez urte eguneratu beharko da. “Aldarrikapen hau guztiz egingarria da -esan zuen Zelaiak-; gurearen antzeko maila ekonomikoa duten Europako beste herrialde batzuetan LGS handiagoa ezarri dute, esaterako Alemanian (1.981 euro), Belgikan (1.955), Herbehereetan (1.934) edota Frantzian (1.709)”.