IZARKOM

Internet, guztiontzako eskubidea

2024/07/02
ELAk telekomunikazio burujabetza bultzatzeko elkarlana abiatu du Izarkomekin

Jakina da ELAk, ekonomia sozial eraldatzailea eta burujabetza helburu duen eragile bezala, hainbat esparrutan jarduten duela, tartean Euskal Herrian kokatuak dauden kooperatiba eta kontsumo alternatibak sustatuz. Bide beretik, multinazionalen esku dagoen telekomunikazio sektoreko oligopolioari aurre eginez, Izarkomekin elkarlana abiatu berri du. Izarkom irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala da, telekomunikazio burujabetzan sakontzeko internet eta telefono linea zerbitzuak eskuragarri jartzen dituen Euskal Herriko operadore kooperatiboa, hain zuzen ere. 2017an sortutako herrigintzarako proiektua da, hau da, herri batek edo gizarte batek bere telekomunikazio zerbitzuak nola jaso nahi dituen erabaki eta lantzeko tresna, alegia.

Internet eskubidea

2011. urtetik hona, Nazio Batuen erakundeak zenbait ebazpen eta txosten argitaratu ditu Internet Giza Eskubide gisa babestu beharraren inguruan eta gobernuei Interneterako konexioa herritar guztien eskura jarri zezatela eskatuz. Informaziorako, hezkuntzarako edo beste eskubide garrantzitsuetara heltzeko ezinbesteko tresna bihurtu da. Interneterako sarbidearen merkantilizazioaren ondorioz, baina, erakunde publikoek, zailtasun eta oztopo handiak dituzte Internet sarbide duin bat hedatzeko. Honela, Interneterako sarbidea, hirietan eta maila ekonomiko ertain eta altuenetako gizarte taldeetan zabaldu da bereziki eta landa eremuetako edota diru sarrera gutxieneko biztanleek zailtasun handiak dituzte. Horregatik Euskal Herrian Interneterako konexioa izateko eskubide hori demokratikoki gauzatu ahal izateko herri proiektua da Izarkom.

Pribatizazioari aurre

2015ean Euskaltelek enpresaren %68a burtsan saldu eta gero, eskumen publikotik erabat aldendu eta pribatizazioan sakontzeko pauso nabarmenak eman dira Euskal Herrian, herri ikuspegitik landutako telekomunikazio egitura urriak transnazionalen esku geratuz. Zerbitzu horiek multinazionalen bidez jaso beharrean, modu kooperatiboan auto-antolatutako kontsumitzaile sarearen bidez egitea joera inbertitzeko modua izan daiteke. Hezkuntza edo osasungintza publikoa izatea normalizatuta dugu eta horiek pribatizatzeak badu erantzun bat. Aldiz, gizartearentzako oinarrizkoak diren telekomunikazio zerbitzuak enpresa pribatuen bidez jasotzea barneratuta dugu erabat. Gizartearen arrakala digitalaren gainean hausnartu, eragin eta zerbitzu hauek beste modu batean eskuratzeko proiektua da Izarkom.

Burujabetzaren bidean, elkarlana abian

Euskaraz sortu eta euskaraz bizi den kooperatiba da Izarkom, beraz, gertuko komunikazioa eta arreta eskaintzeaz gain hizkuntza eskubideak bermatzen dituen operadorea da. Irabazi asmorik gabekoa izanik, izan ditzakeen etekin guztiak herrigintzara bideratuak daude, hala nola sare libre eta irekiak sortzera EHkom proiektuarekin elkarlanean, nodo berriak zabaldu edo sentsibilizazio kanpaina ezberdinak eginez. Egun, Hego Euskal Herrian eman dezakete zerbitzua baina zatiketa administratiboak eragiten dituen oztopoak saihestu eta Iparraldean ere zerbitzuak eman ahal izateko lanean dihardute.

Hau guztia kontuan izanda, ELAko Ekintza Sozialeko lan taldea orain hilabete batzuk jarri zen harremanetan Izarkomeko kideekin. Elkar ezagutu eta proiektua sakonago ezagutu ostean, ELAk Izarkomen bazkide izateko erabakia hartu du. Gaurkoz kontratatutako zerbitzuak beste enpresa bati lotuak egonik ere, sindikatuak dituen telekomunikazio zerbitzu eta beharrak identifikatu eta aholkularitzarako elkarlana abian jarri dugu erakundeok. Uste dugu datozen urteetan emango den eraldaketarako bidean, trantsizio progresiboaren lehen pausoa izan daitekeela. Modu berean, sindikatuko oinarri sozialari dei egiten diogu Izarkom ezagutu eta norbanako gisa ere telekomunikazio burujabetzaren bidean eraldaketaren protagonista izateko, bazkidetu eta proiektuaren zabalpenean laguntzeko. Euskal Herriak baditu alternatibak, eta ezinbestekoa da horiek baliatzea.