NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Kongresuak ontzat eman du ELAren aldarrikapen historiko bat: lehenetsi egingo da Hego Euskal Herriko hitzarmenen aplikazioa

2024/06/20
Gaur berretsi den dekretua langileriaren garaipen bat da, urteotan egindako borroka eta greben emaitza.

Gaur ontzat eman duen dekretuarekin (178 boto alde, bat ere ez kontra eta 171 abstentzio) Diputatuen Kongresuak aldatu egin du Langileen Estatutua, eta ondorioz Hego Euskal Herriko lan-hitzarmenek estatukoen aurretik lehentasuna izango dute. Jakina denez, Espainiako Gobernuaren dekretu hau duela hilabete sartu zen indarrean, baina orain behin betiko onartu da.

ELAren iritziz urrats hau urtetan euskal langileek egindako borroken fruitu da, eta Hego Euskal Herriko beharginei aukera ematen die estatu mailan sindikatuek eta patronalek adosten dituzten hitzarmenak hobetzeko.

Erreforma honek zer nolako garrantzia duen jabetzeko aski da gogoratzea CCOO eta UGT sindikatuek espainiar patronalarekin batera zer saiakera egin zuten jantoki kolektiboen eremuan, non emakumeak gehiengoa diren: Haien helburua zen estatu mailako hitzarmenen bidez Hego Euskal Herriko milaka langileren soldatak %50 txikiagoak izatea eta lanaldia urtean 70 orduz luzatzea. ELAk 2022ko lan-erreforma ez zuen onartu, bi arrazoirengatik: batetik, espainiar Gobernuak 2012ko lan-erreformaren punturik kaltegarrienei eutsi zien, batik bat kaleratzeekin lotuak; bestetik, exekutiboak ez zuen bermatu nahi Euskal Herriko langileei beren hitzarmenak negoziatzeko zor zaien eskubidea. Sindikatu hau duela bi urte erreforma honen aurkako greba orokorra deitzeko prest agertu zen. Gaurko erabakia ezin da ulertu orduko jarrera hura aintzat hartu gabe.

ELAren aburuz, nabarmendu beharra dago EAJk (dekretua bultza duen indar politikoak) euskal langileriaren aldarrikapenak entzun eta Espainiako gobernuarekiko negoziazioan lan-baldintzak lehenetsi izana. ELAk gogoratzen du 2011n, Zapatero gobernuburu zela, estatuko hitzarmenei eman zitzaiela lehentasuna.

Gaurko erabakiari esker segurtasun juridikoa emango zaio Confebaskekin 2017an iritsi zen Lanbidearteko euskal Akordioari. Hego Euskal Herrian ELAk sinatzen dituen hitzarmenak estatukoak baino hobeak dira, eta gaurko bozketak berme juridiko betea emango die haiei. ELAk Dekretuaren edukia xeheago analizatu eta iritzi orokorra emango du, baina edonola ere gogorarazi nahi du euskal lan-eremuaren erabakigunea mugatu izana Hego Euskal Herriko langileriaren garaipen bat dela.