Aberri Eguna 2017
Aberri Eguna 2017
Aberri Eguna dela eta, ELAko Nazio Batzordeak honako adierazpena egin nahi du.
[armagabetzea bakea finkatzeko lagungarri izan behar da]
ELA oso pozik dago Ipar Euskal Herrian garatu eta amaieran ETAren armagabetzea ekarri duen ekinaldiarekin. Nazio Batzordeak aintzat hartzen du “Bakearen Artisauek” egin duten lana, eta bere esker ona adierazi nahi die. Estatuek beren gain hartu nahi ez zuten ardura hartuta, euskal gizartearen ordezkaritza zabalaren, bere hautestsien eta Iparraldeko Herri Elkargoaren eta nazioarteko erakundeen borondatea bateratzen asmatu dute, armagabetzea arrakastaz burutu arte. ELA eragile aktiboa izango da beharrezko urrats honen ondoren beste batzuk etor daitezen, gure herrian bizikidetza eta bakea finkatze aldera, esaterako biktima guztientzako aitortza eta erreparazioa, espetxe-politikaren aldaketa –gaixorik dauden presoak kaleratzea, erbesteratutako edo deportatutako pertsonak hurbiltzea– edota desmilitarizazioa.
[erabakitzeko eskubiderik gabe ez dago aldebikotasunik]
Aberri Eguna ospatzen den honetan derrigorrezkoa da aztertzea gure autogobernuaren osasun-egoera zertan den. EAEri dagokionez, ELAk salatu egin nahi du faltsukeria dela, batetik Gasteizko Legebiltzarrean hamaikagarren aldiz autogobernuari buruzko batzorde bat eratzea, eta bestetik, lehendakariak eta bere alderdiak egiten duten aldebikotasun printzipioaren defentsa.
Hogei urte luze daramagu estatuaren politika uniformatzailea pairatzen, eta horrek gure marko juridikoa guztiz desitxuratuta utzi du. Halere, gure eskumenen higadura ez da bururaino iritsi: parlamentuak erabakitako legeak eten egiten dira (batik bat eduki sozial nabarmena dutenak); oinarrizko legeen bidez gure eskumenen koadroari erasaten diote; espainiar Gobernu-ordezkaritzak euskal administrazioen ehundaka ebazpenen kontrako helegitea jartzen du… Eta testuinguru honetan oraindik ere agintari nazionalistek eutsi egiten diote, guztiz ulergaitza izanagatik, ideia honi: gure marko juridikoa aldatzea posible dela Estatuko Gobernuaren eta euskal erakundeen arteko errespetu instituzionalean oinarrituta, hots, aldebikotasunez.
ELAren ustez diskurtso hau zilegi izan liteke, baina benetan EAJk, PSEk eta PPk osatutako “Koalizio handia”ri komeni zaio; honek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak eta hauen joera neoliberal nabarmena sostengatzen ditu. Ondorio hau berretsita geratu da lehendakariak berak esan duenarekin: euskal marko juridikoaren edozein aldaketa egitekotan indar espainiarretako baten babesa beharrezkoa omen da, PPrena zein PSOErena; baldintza honi “ituna egin beharra” deitu dio. Haatik, baldintza hau aurrez ezarritako eskakizun onartezina da, indar espainolistei beto eskubidea ematen baitie balizko marko berri batek erabakitzeko eskubiderik jaso ez dezan.
Ez dago aldebikotasunik. Hain zuzen aldebikotasun gabeziak eraman du Katalunia mobilizazio soziala aktibatzera, halabeharrez aldebakarreko izango den prozesu bat indartzearren. Hau ikusirik, lehendakariak hau esan du: “larritzen nau herri mugimendu ardurarik gabeek baldintza dezaten Katalunia”, eta “herri mugimendu ardurarik gabeek baldintza ditzaten gizarteari kontu eman behar diogun alderdiok. Korapilotsua da demokrazia errepresentatiboa eta parte hartzezko demokrazia nahastea”. Antza, gure agintari gorenak ez du gustoko gizarte zibila, batez ere honek zalantzan jartzen baditu gobernuaren erabakiak eta estrategia eta agerian uzten badu egungo status quo-arekin bertan goxo egin duela.
Estatuko hedabideek goraipatu egiten dute egungo Eusko Jaurlaritza, eta haiek nahiz espainiar gobernuak gure agintari gorena subiranismo katalanaren kontrako adibide gisa jartzeak nabarmentzen du politika jeltzaleak zer esan nahi duen gaur Espainian: euskal gizartearen aldarrikapen nazionala lokartzea eta gure autogobernu murriztua Espainia uniformatzailera modu baketsuan egokitzea. Funtzionatzen duen aldebikotasun bakarra dago: politika neoliberal eta austeritateari buruzko adostasuna. Benetan existitzen dena da klase-aliantza bat, zeinak gure herriaren autogobernua eta burujabetza botere ekonomiko, finantzario eta patronalen interesen esanetara jartzen dituen.
Hautu honen aurka ELAk agerikoa dena gogoratu nahi du: inoiz ez da aldebikotasunik izango gure herriaren aitortzarik gabe, erabakitzeko eskubidea barne. Ziur gaude askatasuna (baita alde egitekoa ere) dela oinarri bakarra estatuak berdinen gisako tratua eman diezagun. Printzipio xalo hau, 2005ean Gasteizko Legebiltzarreko gehiengoak berretsi eta berehala espainiar Gorteek ukatu zutena, gaur, orduan bezalaxe, indarrean dago. Horregatik uste dugu behin eta berriz autogobernu batzordeak eratzea -azkena duela gutxi-, eta horrela bata bestearen ondorengo legegintzaldiak agortzea, estatuarekiko gatazka politikoa gordina ez pizteko bide bat besterik ez dela.
Beraz, EAJk, PPk eta PSOEk osatutako koalizioa erabakitzeko eskubidea barne lukeen aldaketa politikoaren aurka egoteak arrazoi bat du: beren klase-hautu argia, zeinaren adierazpen nabarienak austeritate-politika eta enpresa- zein kapital-errenten aldeko zerga-politika diren. Horrez gainera, Jaurlaritzaren gutxiengoarekiko elkarrizketa soziala mantentzeko erabakia; soilik gutxiengo sindikalak sinatutako lan-hitzarmenak argitaratzea; greba-eskubidearen jazarpena, gutxieneko zerbitzuetako dekretuen bidez; azpikontratetako lan baldintzak hobetzeko HLEaren ukapena; arlo publikoan negoziazio kolektiborik ez egiteko borondatea; euskal administrazioen ardurapeko eremuetan gatazken luzapen ulertezina… hauek guztiek klase-hautu neoliberal horren adibide dira.
[autonomia sindikala indartu, degenerazio demokratikoaren aurka eusteko]
ELAk bereziki aipatu nahi du EAEko gaurko egoeran guztiz kezkatzekoa den kontu bat: EAJk ordezkatzen duen eskuina, hedabide eta ordezkari patronal garrantzitsuen koruarekin batera, zalantzan jartzen ari da ELAk politikari buruz iritzia emateko duen eskubidea. Duda egitea sindikatu batek (nahiz beste edozein gizarte-erakundek) egoitza politikoan hartzen diren eta herritarrei eragiten dieten erabakien inguruan iritzia emateko eta haiengan eragina izaten saiatzeko eskubidea duela oinarrizko eskubideen aurkako atentatu larria da. Bide batez, nabarmen uzten du horrelako pentsamoldea duten organizazioen jite demokratiko eskasa. Horregatik, degenerazio hau ikusirik gure sindikatuak alarma guztiak piztu ditu.
Deitoragarria da honelako kontuak esan beharra, noiz eta diktadorea hil eta 41 urte igaro direnean. Baina pentsamolde hau konplexurik gabe adierazten da gaur Euskal Herrian, EAEko alderdi politiko nagusiaren ahotan. Horregatik, ELAk lanean jarraituko du bere autonomia politikoa, antolakuntza eta finantzak blindatuta mantentzeko, eta zor zaizkion oinarrizko eta funtsezko eskubideen arabera jokatuko du. Hau da, gure aburuz, euskal langile-klasearen alde egin dezakegun ekarpenik hoberena, demokraziarekin gero eta intoleranteago agertzen den politika, hedabide eta enpresa munduko establishment horren aurrean.
[nafar autogobernuaren aldeko ausardia handiagoa]
Nafarroan, euskal kutsua duen guztiak urtetan jasan duen jazarpenaren ondoren, bizitza kultural, sozial eta politikoa normaltzea derrigorrezko lantegia zen garai politiko berrian. Nahiago genukeen gauzak tinkoago, plangintza gehiagoz eta azkarrago egin balira, baina ELAk aintzat hartu ditu gobernuak euskararen, kulturaren eta sinboloen normalkuntzan egindako urratsak. Halaber, sindikatuak babesa eman die izan diren ekinaldi instituzionalei, hala memoria berreskuratzeko egin direnak, nola motibazio politikoko biktima guztiak gogoratzekoak, baita ahaztuta zeudenak ere, 1936ko kolpekoak, bortizkeria polizialarenak nahiz eskuin muturrak eragindakoak.
Haatik, autogobernuaren defentsan kemena falta dela egiaztatu dugu. Estatuak foru legeen aurka jarritako helegite ugariek, transferentziak bete ez izanak edota estatuaren oinarrizko legeen gehiegikeriak Iruñeko Gobernuaren aldetik ekinbide politiko eta instituzional gehiago eskatuko lukete.
Bestalde, Gobernuaren ekintzak (EAEn ez bezala) pluraltasun sindikala errespetatuagatik ere, bere politika publikoek joera neoliberal berbera dute. Horregatik ELAk uste du premiazkoa dela autogobernu-tresnen defentsa lotzea gehiengoaren interesen araberako gizarte-politikarekin, gehiengo horren ongizatea gero eta eskasagoa baita.
[ezkerrak haserre soziala bere egin behar du]
Horrenbestez, ELAk urgentzia bat nabarmendu nahi du: ezker politikoak bere egin behar du gizartean dagoen haserrea eta herritarren aldentzea gero eta autoritarioagoa eta antisozialagoa den politika horretatik. ELAk uste du neoliberalismoak eragindako aldentze horrek posizio faxistei bide ematen diela, eta aldarrikapen nazionalari ere indarra kentzen diola. Langabezia, prekaritatea eta gizarte-babes gabezia larriena den auzoetan abstentzionismoa gero eta handiagoa da; joera hau deiadar bat da, eta esaten dugunaren isla. Ziur gaude soilik gehiengo pobretuen nahiak bere egiten dituen ezkerrak izango duela aukera biztanleriaren sektore zabalak erakartzeko politika subiranista bat proposatzeko.
Hain zuzen, ELAren aburuz agortuta dago Maltzagari buruzko kredo politiko zaharra, zeinaren arabera abertzaleon arteko oinarrizko akordiotik abiatu behar den gure autogobernu-estatusa aldarazteko. Noski, Estatuari demokratikoki aurre egiteko subiranista guztion arteko gutxieneko akordio bat oso egokia izango litzateke, baina indar batzuk akordio hori berariaz ukatzen dutenean, subiranismoak ezin du zain egon; saiatu egin behar da indartzen eta bidean aurrera egiten.
[kontsultek eragindako ahalduntzea aintzat hartu]
ELAk aintzat hartzen du Hegoaldean egiten ari diren herri-galdeketak ahalduntze ariketa diren aldetik. Balio handia du bolondresek osatutako taldeek kontsulta tresna eragingarri bat sortzea, zeina goitik behera araututa dagoen. Prozesu hau eraikitzen ari den errealitateak etorkizunean sistema instituzionalari interpelazioa egiteko aukera eman lezake, sistema horrek tematuta jarraitzen badu gatazka politikoa “lokartzen”.
ELAren iritziz galdeketak indartu egingo lirateke erabakitzeko eskubidearekin batera herritarren helburu konkretuak plazaratuko balira. Ziur gaude erabakitzeko eskubidea biztanleriak sentitzen dituen eskariekin lotuta pedagogia oso positiboa egingo litzatekeela, eta aukera emango lukeela oinarri sozial zabal batek, nazionalismotik haratago, aldarrikapen subiranista bere egin zezan.
[Iparraldearentzako garai berria]
ELAk honez gero adierazi du bere poza Ipar Euskal Herrirako Elkargo bakarra lortu delako. Eskumenei dagokienez mundu abertzalearen helburuetatik urrun egon arren, urrats honi esker hiru lurraldeak eremu instituzionalean presentzia dute, eta biztanleriaren beharrekin bat datozen tresna errealak eskuratu dituzte. ELAk espero du tresna hau lortu izanak abertzaleen bultzada ez ahultzea, azkartzea baizik. Sindikatuak uste du oso positiboa dela elkargoan bi lehendakariordetza transbertsal sortu izana; horietako batek hizkuntz-politika kudeatuko du, eta besteak trantsizio ekologiko eta energetikoa landuko du.
[ euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea ]
ELAk aldarrikatzen du euskara dela gure nazionalitatearen ikurrik behinen, partekatuen eta jatorrena. Ziur gaude bien zoria, euskararena eta burujabetzarena, lotuta daudela, eta baten aurrerapideak bestea indartzen duela. Gure herriarentzako burujabetza eta askatasun nahia gure hizkuntzaren aldarrikapenarekin batera doa, baita sindikatuaren barne-bizitzan eta lantokietan gero eta presenteago egiteko konpromisoarekin ere. Izan ere, gure hizkuntza erabiltzea, euskaraz bizitzea, kendu ezineko eskubidea dugu. Hau posible izan dadin, behar-beharrezkoak diren konpromiso pertsonal zein kolektiboez gainera, ezinbestekoak dira ere politika publiko askoz ausartagoak, gure hizkuntzaren ezagutza eta erabilpen normaldua sustatzeko eta herritar guztien benetako berdintasuna iristeko.
Gora Euskal Herria askatuta!
Bilbo, 2017ko apirilaren 11