ELArentzat onartezina da Haurreskoletako zuzendaritzaren jokabidea ordezkoen zerrenda irekitzerakoan

2017/06/13
1.500 pertsonatik gorako hilara amaigabeak sortu dira partzuergoaren zuzendaritzak ordezkapenetarako zerrendak egun batetik bestera ireki, izen emateko epea 2 egunetara mugatu du eta ordezkapenak izen-emate hurrenkeraren arabera egiteko hartu duen erabakiaren ondoren. Pertsona ugari plaza lortzeko aukera ukatu zaie meritu nahikoa izan arren.

 

Sindikatuok behin eta berriro ordezkoen zerrendak irekitzeko eskatu arren Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritzak itxirik izan ditu 2011 urtetik. Kudeaketa txar honen eta aurreikuspenik ez egitearen ondorioz, orain ordezkoen zerrendak hutsik aurkitu ditu Zuzendaritzak. Egoera honen aurrean, modu inprobisatu eta onartezinean, egun batetik bestera, zerrendak irekitzea erabaki du. Atzo, ekainaren 12an, argitaratu zuen ordezkapen zerrendak irekitzeko agindua eta izen emateko epea gaur eta biharrera mugatu du. Gainera ordezkapenetarako esleipenak izen-emate hurrenkeraren arabera egingo dituela jakin arazi du.

Erabaki honen ondorioz, ordezko zerrendetan izena-eman nahi duten pertsonengan izugarrizko zalaparta sortu du. Atzo gauetik, izena-ematen lehenak izateko 1.500 pertsonatik gorako hilara amaigabeak sortu dira eta 500 pertsona inguruk bertan gaua pasa dute. Gainera, lan, zaintza lan edo egoera pertsonalengatik gaur goizean bertaratzerik izan ez duten pertsona askok zerrendetan izen emateko edo ordezkapenen bat esleitzeko aukerarik ez dute izan, meritu nahikoa izan arren.

ELAri onartezina iruditzen zaio administrazio publiko batek honelako jokabidea izan eta erabaki hauek hartzea. Zerrendetan sartu nahi duten pertsonengan izugarrizko zalaparta sortzeaz gain, sindikatuaren iritziz deialdi honekin zuzendaritzak berdintasun eta merezimenduen printzipioa urratzen duela uste du. Testuingru honetan, ELAri harrigarria eta larria iruditzen zaio LABek ere partzuergoaren zuzendaritzari ordezkapenetarako esleipenak izen-emate hurrenkeraren arabera egiteko eskatu izana.

Horregatik, berdintasun printzipioa eta bere eskubideak urratuak ikusi dituzten langileei salaketa jartzeko deia zuzentzen die sindikatuak. Modu berean, sindikatuaren zerbitzu juridikoekin aztertuko ditugu prozesuaren eta partzuergoaren zuzendaritzaren aurka har ditzakeen neurriak. Edozein kasutan, ELAk Haurreksolak Partzuergoaren zuendaritzari eskatzen dio zerrendak irekita uztea eta horrelako egoerak ekiditeko merezimenduen araberako esleipenak egiteko.